XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. artikulua.

Autonomia.

Sozietate kooperatiboek beren estatutuak prestatu, onetsi eta aplikatuko dituzte askatasun osoz, debeku bakarrak Foru Lege honetan ezarritakoak izanik.

6. artikulua.

Nortasun juridikoa.

Sozietate kooperatiboa eratua geldituko da eta nortasun juridikoa bereganatuko du, berau eratzeko eskritura publikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kooperatiben Erregistroan idatzia gelditzen den unean berean.

7. artikulua.

Sozietatearen Kapitala.

Lehen mailako kooperatibetan, sozietatearen kapitala 250.000 pezetakoa izanen da, gutxienez, moneta horretan emanikoa, ez badira behintzat Foru Lege honen 73. artikuluan arautzen diren prestakuntza mailako kooperatibak, horrelakoetan aski izanen baita 100.000 pezeta, beti ere gutxienez.

Sozietatearen kapitalean bazkide bakoitzaren ekarpena 10.000 pezetakoa izanen da gutxienez, ez bada behintzat prestakuntzako kooperatiba bat, horrelakoetan bazkideek ez baitute inolako ekarpenik egiteko obligaziorik.

Eraketa gertatzen den unean kapital osoa behar du izenpetua izan eta haren zenbatekoaren ehuneko 25, gutxienez, kooperatibaren sustatzaileek ordaindua.

8. artikulua.

Erantzukizuna.

1. Bazkideen erantzukizuna mugatua edota mugagabea izan daiteke, estatutuek ezartzen dutenaren arabera, baina horren xedapenik ez badago, Sozietateak hirugarrenen aurreko zorrengatik bazkideek duten erantzukizuna mugatua izanen da, hain zuzen ere sozietatearen kapitalean izenpetu dituzten ekarpenei lotua, nahiz eta ekarpen horiek ordaindu gabe ala ordainduta izan.

2. Bazkideen erantzukizuna amankomunekoa eta solidarioa izanen da estatutuek zehazten duten modura.

Aipamen berezirik izan ezean, bazkideen erantzukizuna amankomuna dela ulertuko da.

9. artikulua.

Batzarrak, atalak eta taldeak.

Estatutuek finkatu dezakete kooperatibaren barrenean batzar, atal eta taldeen eraketa, funtzionamendua eta jarduna, beti ere eginbehar berezietarako, ustiapen kontuak bereizturik izanen dituztela eta ezertan ukatu gabe kooperatibaren erantzukizun orokor eta bateratua.

10. artikulua.

Hirugarrenekiko eragiketak.

Kooperatibek eragiketak izan ditzakete bazkide ez diren pertsonekin ere, pertsona horiek fisikoak nahiz juridikoak izan, horrela agertzen bada estatutuetan, baina eragiketa horien emaitzen ehuneko 50 Derrigorrezko Erreserba Fondoan sartu beharko dute eta gainerako ehuneko 50 Borondatezko Erreserba Fondoan.

Obligazio honetatik salbuetsiak daude elkarlanerako kooperatibak, hain zuzen ere horien helburua hirugarrenekin eragiketak egitea baita.

11. artikulua.

Kooperatibako harremanak.

1. Helburu soziala lortu ahal izateko, Kooperatibek beren bazkideei emaniko ekarpenak eta zerbitzu emateak, kooperatibak berak sortutakoak nahiz hirugarrenei erositakoak izan, ez dira salmentatzat hartuko.

2. Halaber, ez dira salmentatzat hartuko bazkideek kooperatibari emaniko ekarpenak eta produktuak, horiek helburu soziala lortzeko eginak baldin badira.

II. KAPITULUA

Kooperatiben eraketa

12. artikulua.

Eraketaren batzarra.

1. Sozietate kooperatiba bat sortzeko, haren eraketaren batzarrak sozietatearen sustatzaileek osatua egonen baita, erabaki batzuk hartu beharko ditu, ondoko gai hauetaz:


a) Sozietatearen estatutuen proiektuaren onespena.
b) Sozietatearen kapitaleko ekarpenak izenpetu eta ordaintzeko modu eta epeak.
c) Egin gogo den sozietate kooperatiboa inskribatzeko behar diren kudeaketak gauzatzeko kudeatzailea edo kudeatzeileak izendatzea.
d) Sozietatea eratu ondoren, lehen Zuzendaritza Kontseilua osatu behar duten kooperatibaren sustatzaileak izendatzea, baita kontuhartzailea edo kontuhartzaileak izendatzea, beti ere Foru Lege honetan xedatzen denari jarraikiz.
e) Eraketaren eskritura egin behar duten kooperatibaren sustatzaileak izendatzea.

2. Eraketa batzarraren aktan bilduko dira hartutako erabaki guztiak eta bertan sartuko sustatzaile guztien izenak, bakoitzaren nortasunaren gaineko datu zehatzekin, ongi zehaztuz kooperatiban zein modu, baldintza eta izaerarekin sartzen diren.

3. Eraketaren batzarrean idazkari lanetan diharduen sustatzaileak aktaren ziurtagiria luzatuko du, beti ere haren lehendakariaren ikus-onetsiarekin.

4. Kooperatibak bere inskripzioa lortzen ez duen bitartean, haren izenaren ondotik erantsi beharko du eratzear hitza.

5. Izendatutako kudeatzaileek sozietate izan nahi denaren izenean jardungo dute eta hura eratzeko behar diren ekintza guztiak aurrera eramango dituzte.

Inskripzioa egin baino lehen, kooperatiba proiektu horren izenean eginiko ekintzen eta sinatzen diren kontratuen erantzukizun solidarioa hartuko dute horrelakoak egin dituztenek.

Aipatu ekintza eta kontratu horiek kooperatibak hartuko ditu bere gain, ondorio guztietarako, Batzar Orokorraren onespenaren ondotik eta hori inskripzioa egiten den egunetik hurrengo hiru hilabeteko epearen barrenean egin beharko da.

13. artikulua.

Estatutuak.